URITARRA – UGERAGA

Lehen zatia

Partida ederra, benetako bi “ekipazoen” artean. Ia aldaketarik gabe etorri arren, Sopelako taldeak ligako aurkaririk gogorrenetakoa dela erakutsi zuen.

Ez zen apaindurarik egiteko eguna (edo ez behintzat Albak erabaki arte), eta abaguneak eskasak izan ziren. Etxekoen jokoa ohi baino motelagoa izan zen, baina bere meritua bisitariei egotzi behar zaie.

Erdilarien-lerroa gainditzen zen bakoitzean aprobetxatu beharra zegoen, eta halaxe egin zuen Uritarrak. Talde jokaldi on bat Albaren hanketan amaitu zen, eta honek Itzi Diezi eman zion baloia, area izkinan markarik gabe. Getxotarrak baloia maisuki gurutzatu eta 1-0ekoa jarri zuen markagailuan.

1-0 soila atsedenaldian. Defentsan sendo eta erasoan eraginkorrak izanda.

Bigarren zatia

Soiltasun hori guztia zapuztu egin zen bigarren zatiko lehen jokaldian. Etxekoen golaren antzeko jokaldi batean, Lezurik bere jaurtiketa gurutzatu zuen Paularen aurrean. Etxeko atezaina damu zen baloia gutxigatik ezin izan zuelako gelditu. 1-1, 47. minutua.

Etxeko taldeak ez zuen behera egin, garaipenaren golaren bila jarraitu baitzuen. Naiak bere posizioa aurreratu zuen eta nabaritu egin zen. Hori bai, jokoak mantso jarraitzen zuen, bisitarien etengabe egindako faltak zirela eta.

Naiak eta Albak gauzatu ezin izan zituzten pare bat aukera izan zituzten. Baina partidua amaitzen ari zela, Alba eta Maddiren magia agertu zen. Deriokoak 4 jokalari driblatu zituen hegalean modu harrigarrian eta Larrabetzukoari pasea eman zion. Honek ez zuen barkatu. Azken honen partida bikaina izan zen. Larunbatean Etorkin egin daitezkeenak baino kroketa gehiago egin zituen.

2-1 finala, eldarnioa harmailetan eta sailkapenaren goiko partean jarraituko dugu.

EGURRE URI!

URITARRA: Paula, Zeiane, Naia, Nagore, Itzi Díez (Oihane 90′), Iraitz, Irantzu, Olaia Esparta (Marta 58′), Libe (Naroa 85′), Alba (Maite 90′), Maddi