URITARRA B – ABADIÑO B

Lehen zatia

Partida oso paretsu egon zen lehen zati osoan. Sailkapenean aldea izan arren, Abadiño B inolako konplexurik gabe etorri zen Errebalera eta lehen 45 minutuetako zati handi batean nagusi ere izan zen.

Egia da ez zela aukera bereziki argirik egon inon, baina Durangaldekoek ez zieten inoiz eroso egoten utzi etxekoei.

Zeruko jokalariak ez ziren fin ibili azken pasean, baina denboraldi honetan bezala, aurkariaren edozein akats aprobetxatzen dute. Eta horrela gertatu zen atsedenaldiaren aurreko azken jokaldian. Apra argi eta garbi lurrera bota zuen area barruan kanpoko defentsa batek, eta Peruk ez zuen barkatu 11 metroetatik.

1-0.

Bigarren zatia

Ez lasaitzeko asmoz, filiala tronban atera zen bigarren zatian. Horren ondorioz, 2 gol egin zituen 10 minututan. Jende asko zegoen oraindik tabernan eskatzen edo bainugelako kolaren zain.

48. minutuan, Hodeiren bularrarekin gol ikusgarria Apraren erdiraketa on baten ostean. 55. minutua, Pabloren erremate gogorra, bere arratsaldeko lehen gola egin zuen. 3-0 eta partida bukaeraren zain zegoen.

Nahiz eta errenta handitzeko abaguneak egon, Unai Alonsorena atezainaren aurka bakarrik adibidez, etxekoek pistoia jaitsi zuten eta indarra gorde zuten etortzear dagoenerako. Hala ere, bi azelerazio txikik bi gol gehiago eragin zituzten azken txanpan.

Laugarrena Pabloren gol ikusgarria izan zen, area ertzetik bolea eder batekin. Eta bosgarrena, Kepak korner batean buruz egindako errematea.

5-0 eta hurrengo partida etxean, joanekoan irabazi zigun Ezkurdi Bren aurka.

EGURRE URI!

URITARRA B: Sagas, Apra, Ortu, Kepa, Txuso, Eder (Badillo 70′), Arana (Aner Apraiz 65′), Hodei (Txakar 70′), Pablo, Lander (Unai Alonso 56′), Peru (Eneko 65′)