URITARRA B – ARIZ A

Lehen zatia

Beste partida epiko bat bi talde oso on hauen artekoa. Golak, erremontadak… eta amaiera zoriontsua filialaren interesentzat.

Dena oso modu bitxian hasi zen. Bi taldeek aldaketa bat egin behar izan zuten lehenengo minutuetan. Uritarraren kasuan, Landerrek min hartu zuen hasi bezain laster eta Lito sartu zen bere ordez.

Arizek Uritarrari jokatzen uzten zion, azken hauen joko zuzenak aurreko partidetan min handia egin izan zuela jakitun. Bisitariek kalitate handia dute goian, eta kalitate hori argitara noiz aterako zain zeuden argi eta garbi. Eta horrela izan zen 23. minutuan. Defentsa baten baloi luzea eta Peralek kontrol bikaina egin zuen botatzen utzi gabe, Olearentzat geldiezina zen bolea entxufatzeko. 0-1.

Handik gutxira berdinketa iritsi zen Unai Alonsoren bitartez. Mailako pitxitxiak Litok jasotako penalti bat eraldatu zuen. 1-1. Eta minutu batzuk geroago Unaik berak ia bakarrik utzi zuen Pablo asistentzia bikain batekin, baina Galdakaokoaren jaurtiketak zutoinean jo zuen. Zorte txarrarekin, Ariz zutoin horren hurrengo jokaldian markagailuan aurreratu zen berriro. Baloi luzea etxekoen defentsaren bizkarrera eta El Kounanik Olearen gainetik jo zuen maisuki.

1-2 atsedenaldian.

Bigarren zatia

Nahiz eta Uritarra B-k partidaren pisua eraman eta baloia erraz mugitzea lortu, enegarren baloi luzeak min handia egingo zien 66. minutuan. San Vicentek 1-3koa egin zuen Olea driblatuz eta ia angelurik gabe tiro eginez. Gol galanta.

Aprak itxaropena eman zien zerutarrei lau minutu geroago. Txusotik bigarren zutoinera bidali zuen erdiraketa bat. Baloia kanpora zihoala zirudienean, Unai Alonsok bere burua segan bota zuen, puntarekin Larrabetzuko lateralari lagatzeko eta honek baloia sarera bidali zuen. 2-3.

Aukerak iristen hasi ziren, baina ez genuen asmatzen. Unaik eta Enekok berdintzeko aukera izan zuten, baina Arizko atezaina bikain aritu zen. Eta etxekoen porrota iritsiko zela zirudienean, eromena iritsi zen Errebalera.

– 93. minutua: Txusoren erdiraketa eta Unai Alonsoren errematea buruz plantxan. 3-3.
– 96. minutua: Arizen aldeko kornerra, motzean atera zutena. Etxekoek lapurtu eta kontraerasora atera ziren eta erdiraketa baten ondoren baloia area barruan geratu zen. Arana atzetik etorri zen, eta arimarekin jaurti  zuen 4-3koa egiteko.

Bosgarren garaipena jarraian. Gehiago nahi dugu!

EGURRE URI!

URITARRA B: Olea, Apra, Markel (Eneko 74′), Kepa, Aitor (Txuso 57′), Eder, Arana, Txakar (Hodei 57′), Pablo, Lander (Lito 2′), Unai Alonso