URITARRA – BASAURIKO KIMUAK C
Lehen zatia
Emakumezkoen lehen taldearen historiako lehen partida Errebalen. Partida hasi baino lehengo minutuak oso hunkigarriak izan ziren, Taldea osoa, talde teknikoa eta harrobiko bi talde prebenjaminek danok batera ateratako oroimenerako argazki batekin. Gainera, minutu bateko isilunea egin zen aurreko gauean hildako Iraitzen Amamaren omenez. Besarkada handi bat bai Iraitzi bai bere familia osoari.
Uritarrak urduri hasi zuen partida berriro, ohi duen joko arina egin gabe. Baina pixkanaka finkatu egin ziren. Eta lasaitasun horri lagundu zion, zalantzarik gabe, Naroaren areaz kanpoko golak. 13. minutua eta 1-0.
Aukerak bata bestearen atzetik hasi ziren heltzen. Partida osoan zehar erakustaldia eman zuen Naia Petralandak 2-0ekoa egin zuen 25. minutuan.
Errenta atsedenaldira arte handitu ahal izan zen, baina etxekoek ez zuten lortu izan zituzten gol aukera argiak gauzatzea. Ez dugu odolik egin nahi Noemirekin. Arratsalde osoan zehar 4-5 aukera garbiak huts izan zituen.
Bigarren zatia
Emaitza ona zen, baina Zorok eta Zaratek ez zieten beren jokalariei lasaitzen utziko. Aurkariaren areatik zenbat eta hurbilago egon, orduan eta hobeto.
Paula seguru egon zen zatiaren hasieran, hainbat tiro eta erdiraketa arriskutsu modu oso fidagarrian geldituta. Segurtasun ikaragarria transmititzen du ate azpian eta baita areatik kanpo ere.
Zerutarrek kolore guztietako abaguneak izan zitutzen: urruneko jaurtiketak, kornerrak, faltak, jokaldi landuak… baina ez zegoen hirugarrena sartzeko modurik. Hori bai, harmailak ondo pasatzen zuen eta bere taldearen jokoarekin gozatzen zuen.
Ez diogu “palorik” eman nahi Noemiri, paloei (zutoinari, hobeto esanda) emateaz bera arduratu baitzen. 3 edo 4 aldiz, zehazki, CM apal hau oker ez badago.
Zorionez, 76. minutuan Naiak 3-0ekoa egin zuen. Zamudioko jokalariaren urruneko jaurtiketa, zutoinetik gertu sartu zena. Haizeak 4-0ekoa egiteko aukera izan zuen, baina bere txuta atezainaren eskuetara otzan-otzan iritsi zen.
Primerako debuta neskeena etxean. Igande honetan, beste bataila bat Elorrion.
EGURRE URI!
URITARRA: Paula, Oihane, Iraitz, Maite (Leyre 77′), Nagore, Noelia (Alba 62′), Olaia (Zeiane 76′), Naroa (Marta 62′), Libe (Haizea 76′), Noemi, Naia