Lehen zatia
Estilo antagonikoen arteko talka San Jorgen, joaneko partidan gertatu zen bezala. Alde batetik, etxekoen joko zuzenagoa eta trantsiziozkoa zena. Bestalde, estilo konbinatiboagoa zuen talde bisitaria.
Gatzaren diagonalek arazo ugari sortu zituzten etxekoen artean lehen minutuetan. Uritarra jaun eta jabe izan zen lehen zatian, baina, partida osoan zehar gertatuko zen bezala, ezin izan zituen aukerak gauzatu.
Aukerarik argienak etxekoentzat izan ziren. Hori bai, bisitarien akats nabarmenek eragindakoak. Mingoren galera Esteparrek langara egindako jaurtiketa batean amaitu zen. Aregok mirariz atera zuen Mateyren baloi bat atepean. Eta, gainera, etxekoek Aregoren beraren penaltia eskatu zuten ia hurrengo jokaldian.
Atsedenaldira 0nako berdinketarekin iritsiko zela zirudienean, Santurtzik aurrea hartu zuen markagailuan. 44. minutua. Moreek areara urrutitik botatako falta. Baloia area osoan zehar pasa zen inork ukitu gabe. Etxekoek areara itzuli zuten eta jokaldia ezin ulertuzkoa izan zen. Eritzek ia nahi gabe gola sartu zuen. Arambarriren eskortzoari meritua eman behar zaio jokaldiarekin jarraitzeko, baina egia da etxekoen arretarik eza larria izan zela jokaldi osoan zehar.
Bigarren zatia
Uritarraren benetako errezitaldia bigarren zati osoan. Kanpotik, barrutik… era guztietako aukerak. Horien guztien gainetik hiru hauek nabamenduko ditugu:
- Gomezen heriotzako pasea Calerori. Erdilariak erremate leuna egin zuen penalti puntutik atezainaren eskuetara.
- Jokaldi izugarria Uga eta Caleroren artean. Usansolokoaren pasea Aregori iritsi zitzaion eta honen errematea, apur bat behartua, Arambarrik atera zuen atepean.
- Legaren erdigunea bigarren zutoinera. Gomezek aurrea hartu zion bere defentsari, baina ez zuen baloia errematatzen asmatu atetik 2 metro baino gutxiagora zegoenean.
Taldea iraulita zegoela, Santurtzik kontraerasoan egin ahal izan zuen bigarren gola. Behin baino gehiagotan huts egin ondoren, 2-0ekoa zirudiena iritsi zen. Polli lesionatu egin zen arrisku seinale guztiak kentzekotan zegoenean eta horrela etorri zen gola.
Bisitariek ez zuten amore eman eta Gatzak 2-1ekoa egiteko aukera izan zuen gertuko hainbat errematetan, baina ez zen eguna. Partida bukatzear zegoenean, Raulek burukada itzel batekin arearen aurrealdetik gola egin zuen, baina ez zen gehiagorako denborarik izan. 2-1
EGURRE URI!
URITARRA: Eka, Lega, Gatza, Polli (Raúl 82′), Arego, Leke (Mandaluniz 68′), Mingo, Ganda (Toto 46′), Iker Gómez, Calero (Txeme 74′), Ugaitz